XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Arreta jarri zien berriz Ludho-3ren hitzei, beste behin ere ari baitzen lanean bete beharko zituzten arauak zehazten:
-...eta orain proba zailena duzue zuen aurrean, hainbeste denboran prestatzen ihardun duzuen proba.
- Bidaia zain duzue.
- Ez zarete lehenak eta ez zarete azkenak izango.
- Dituen arriskuak ere ez dizkizuet ezkutatu nahi: nik bezain ondo dakizue Bidaiari zenbait ez direla sekula itzuli.
Baina Unibertsoko Bizitzen Katalogoa eratu behar dugu, eta ezinbestekoa zaigu zuen lankidetza.
Unibertsoko Bizitzen Katalogoa!
Entzutean, Xhantl-L-k ezin izan zion harrotasun punttu bati eutsi.
Horixe baitzen Bizitza-kosmologiako Ikertegiaren lana, beraren zibilizazioaren proiekturik anbiziotsuena.
Bazuten dagoeneko milaka bizitza ezberdinen berri, beren galaxiako zenbait izarren inguruan biraka ari ziren planetetan kokatuak.
Orain hasita zeuden A-33-Z Galaxiako bizi-erak ikertzen, beren galaxiatik hurbilen zegoena baitzen.
Eginbide zaila zen, mantsoa, neketsua, nahiz eta Makina Pentsalariek aldez aurretik hautatze eta kokatze lanak egin.